Nava Jeevan elkartea ondorengo ume hauen tratamentu medikoa ordaintzeaz arduratzen da.

Osasun egoera: TALASEMIA BETA GAITZA
Tathagata 2003an jaio zen eta urtebete zuela onartu zuten ISSA erakundean.
Etengabe, sendagileen zaintzapean dago, eta azken hilabeteetan hamabostean behin egiten zaizkio transfusioak. Gorputzez hazi ahala, odolaren premia ere handitu egin zaio. Tathagatak asko laguntzen du transfusioak egiteko orduan, orratza sartzerakoan min pixka bat eman arren.
Umezurztegitik hurbil dagoen eskolara joaten da bere osasun baldintzangatik. Eskolara joatea gustatzen zaio nahiz eta batzuetan ahul sentitzen den eta ez duen joan nahi izaten.
Tathagata mutil maitagarria da, eta primeran moldatzen da guztiekin. Eguneroko jardueretan bakarrik moldatzen da, eta zaindariek agindutakoa zuzen betetzen du. Hala ere, osasun egoera gorabeheratsua dela medio, batzuetan umore aldaketak izaten ditu, edota isilik egoten da, beste mundu batean balego bezala. Ez da harritzekoa, askotan konturatzen baita ez dela gai beste edozein umeri gustatzen zaizkion gauzak egiteko.
Ahalegin guztiak egiten ari gara Tathagatak ez dezan gehiegi sufritu, eta bizitza ahalik eta erraz eta atseginena izan dezan.

Osasun egoera: HBE/TALASEMIA BETA GAITZAK
Prasanjit 2002an jaio zen eta 2 urterekin onartu zuten ISSA erakundean.
Prasanjiten osasun egoera oso gertutik gainbegiratzen da; 3 astean behin egin ohi zaio transfusioa.
Psikologo baten laguntzari eta eman zaizkion sendagaiei esker, portaera hobetzen doa.
Prasanjitek “eskola ingeles” batean ikasten du; oso mutil argia da, baina ezin izaten du kontzentratu, hiperaktiboa delako. Arreta berezia behar du, banan-banakoa, baina ez da posible, baliabiderik ez dagoelako.
Prasanjit da umezurztegian denbora gehien daraman umea, bai eta zaharrenetako bat ere. Enpatiaz tratatzen bada, edozein gauza egiteko prest egoten da, eta atsegin du ardurak hartzea.

Osasun egoera: GIB POSITIBOA
Manashi 1999an jaio zen eta 8 zituela onartu zuten ISSA elkartean. OFFER-ek zuzenduriko Anandaghar etxean bizi da.
GIB positiboa denez, etengabe hartu behar izaten ditu sendagaiak. Eguneroko jarduerak egiteko konfiantza sendoagoa du.
Manashik eskolako mailak gainditzen ditu. Neska argia da baina ikasketa kontuetan kontzentratzea saila egiten zaio.
Manashik portaera ona du, baina segurtasunik gabe sentitzen da nahi dituen gauzak lortzen ez dituenean, eta, ondorioz, lagunekiko erasokor agertzen da.
Atsegin du panpinekin jolastea eta dantza egitea.

Osasun egoera: GIB POSITIBOA
Mampi 6 urteko neskatila bat da, eta 2 urte zituela sartu zen ISSA elkartean. OFFER-ek zuzenduriko Anandaghar etxean bizi da.
GIB positiboa da, etengabe hartu behar izaten ditu sendagaiak, eta ez du beste gaitz larririk izan.
Mampi haur eskolako lehenengo mailan dabil, baina ez zaizkio batere interesatzen ikasketak.
Neskatila maitagarria da, eta atsegin du ondo pasatzea, panpinekin jolastea eta dantza egitea.

Osasun egoera: GIB POSITIBOA
Joy 2004ean jaio zen eta 2 hilabeterekin onartu zuten ISSA elkartean. OFFER-ek zuzenduriko Anandaghar etxean bizi da.
Medikuntza tropikaleko eskolaren bitartez baieztatu zuten GIB positiboa zuela, Elisa Testa eta Western Blot Testa egin eta gero. Etengabe hartu behar izaten ditu sendagaiak, eta ez du beste gaitz larririk izan.
Joy pozik joaten da eskolara beste ume batzuekin egoten delako eta gauza berriak ikasteko aukera duelako.
Joy mutil jatorra da, oso jolastia; izugarri atsegin ditu jolasak, dantza egitea eta beste umeekin jostatzen aritzea. Janari kontuetan mania dezente ditu, ez du atsegin arrotzengana gerturatzea, eta, batzuetan, umore txarrez egoten da.
Aurreko haur hauez gain ondoko haur hauen mantentze gastuen ardura ere badu Nava Jeevanek.
Aurreko haur hauez gain ondoko haur hauen mantentze gastuen ardura ere badu Nava Jeevanek.

Osasun egoera: DOWN SINDROMEA
Naveen 2009an jaio zen eta 2 hilabeterekin onartu zuten ISSA elkartean. Down sindromea eta uskizko malformazioa ditu. Egonkor dago kolostomia bati esker. Ume jostagarria da. Hala ere ez da exeri edo zutik egoteko gai laguntzarik gabe.

Osasun egoera: TETRAPLEJIA ESPASTIKOA ETA BURBUINEKO PARALISIA
Manas 2004ean jaio zen eta 4 urterekin onartu zuten ISSA elkartean. Tetraplejia espastikoa eta burmuineko paralisia ditu. Bere kabuz gauzak heldu eta askatzeko gai da (batez ere ezkerrekoarekin) eta soinu-iturriak kokatu eta soinu ezagunak ezagutzeko gai da. Begiradarekin mugitzen diren objetu eta pertsonak jarrai ditzake. Bengaleraz esandako agindu sinpleak ulertzen ditu eta irribarre egiten du norbaitek berari hitzegin ez gero. Normalean bere beharrak gestu eta bat, bi edo hiru hitzeko esaldien bidez agertzen ditu.
Basoa heldu eta bakarrik edateko gai da, nahiz eta edaten ari den bitartean ur dexente isuri. Ezkerreko eskuarekin helduz, bakarrik, gailetak jan ditzake, kumunera noiz joan nahi duen agertzeko gai da eta jostailuzko kotxe eta baloiekin jolastea gustoko du.

Osasun egoera: JAIOTZATIKO HEMIPLEJIA ETA ESPASTIZITATE ARINA
Arman 2007an jaio zen eta hiru urterekin onartu zuten ISSA elkartean. Jaiotzatiko hemiplejia du eskuinaldean. Espastizitate arina ere badu. Eskuinaldea arrastaka eramaten du ibiltzerakoan eta ez du bere eskubiko eskua erabili nahi. Nahiago du ezkerreko eskua bakarrik erabiltzea. Bere garapen mentala bere adineko haurrena baino atzeratuagoa da.

Osasun egoera: BIHOTZEKO ARAZOA ETA BERE ADINERAKO ATZERATUA
Amulya 2007an jaio zen eta hiru urte ingururekin onartu zuten ISSA elkartean. Amulyak ahultasuna du bere hanketan, ezohiko ibilera du. Mintzamena atzeratua, bihotzeko arazo bat eta bere garapen mentala bere adineko haurrena baino atzeratuagoa du. Ez da aginduak jarraitzeko, ez eta bere emozioak agertzeko gai. “Da-Da” antzeko soinuak egiten ditu. Ez ditu bere esfinterrak kontrolatzen.

Osasun egoera: ITSUA
Chadni 2008an jaio zen eta 2010 geroztik ISSAren kargupean dago. Itsua da. Honetaz gain ez du beste arazo fisikorik. Kumunerako gogoa duenean negar eginez adierazten du. Jaterako orduan laguntza behar du.
Nava Jeevan elkarteak Nava Jyoti Ankur haur eskola eta laguntza eskolak aurrera eramateko ardura hartu du. Gure dirulaguntzarekin, ikastetxearen mantentze gastuak, ikasmateriala, uniformeak, jatorduak eta langileen soldatak ordainduko dira.

Nava Jyoti Ankur haur eskola Orissa kostaldea zikloiak suntsitu ondoren eraiki zen, 1999an. Kadakona herrian dago kokatuta, zikloiak gehien hondatu zuen herrian. Dohainik da eskola, eta gizarte eta ekonomia maila baxuenekoei zuzentzen zaie.
Haur horien gurasoak laborariak dira gehienak. Kadakona eta Raskarapur herrietan bizi dira. Gehienak alfabetatugabeak dira gainera, eta horregatik, hasieran ahalegin handia egin behar izan zen gurasoak hezkuntzaren balioaz eta haurrak ikastetxera bidaltzeak zuen garrantziaz jabetzeko.
Dena den, 10 urte igaro ondoren, gaur egun gurasoek gogo handiz bidaltzen dituzte beren haurrak eskolara.
2 urte eta erditik 5 urtera bitarteko 28 haur daude ikastetxe horretan. Goizeko 9:00etatik 15:00etara joaten dira, astean 6 egunetan. Eskolak bertako hizkuntzan (oriya) ematen dira. Ingelesa, matematika, marrazketa eta kantua irakasten dira. Garbitasunari buruzko hezkuntzari ere garrantzi handia ematen zaio.
Gurasoek bi jatordu adina egiteko dirua ozta-ozta irabazten dutenez, haur horiek eskolan gosaltzen, bazkaltzen eta meriendatzen dute.
Nava Jyoti Ankur haur eskolan ikasketak bukatu ondoren, handik kilometro batera dagoen gobernuko lehen hezkuntzako eskolara, Raskararapur Prathamik Vidyalaya eskolara, joaten dira haurrak. Eskola horretan ere oriya hizkuntza erabiltzen dute irakasteko.
Laguntza eskolen beharra sentitu zen, haurrak, lehen hezkuntzan hasi ondoren, ikasketak aurrera eramateko gai ez zirelako. Horrela, 2009ko uztailaren 20an, 3. mailatik 5. mailara bitarteko 19 ikaslerentzat laguntza zentroa ireki zen.
Gaur egun, 48 ikasle daude. Eskolak goizeko 6:00etatik 9:00etara izaten dira, bi taldetan banatuta. Oso gustura daude haurrak, eskola horiek oso baliagarriak baitzaizkie.
Aurrerantzean, beste maila batzuetako haurrentzako eskolak abian jarri nahi dira.
Laguntza egoitza Calcuttan duen erakunde bati zuzentzen zaio, ISSAri (The Indian Society for Sponsorship and Adoption).

Mss. Sood ISSA elkarteko zuzendaritzako partaidea
ISSA 1975ko abenduaren 16an eratu zen. Haurren ongizatearen alde borondatez lan egiten duen erakundea da, irabazi asmorik gabea. Umezurtzei, behartsuei eta ume abandonatuei laguntzen die, eta haurrek hezkuntzaren, emozioen eta osasunaren esparruetan arazorik ez izatea du xede. Gaur egun haurrentzako bi etxe zuzentzen ditu Bengalan: Nava Jeevan eta Nava Diganta (era askotako elbarritasunak dituzten haurrentzat) eta Nava Jyoti Ankur eskola Orissan. Jendeak borondatez egindako ekarpenen bidez finantzatutako elkartea da.
ISSArekin harremanetan gaude etengabe, eta konfiantza osoa dugu erakunde horretan. Aldian-aldian, haurren osasun txostenak eta eskolaren berriak helarazten dizkigu, eta beren egoeraren berri ematen digute. ISSArekin dugun zuzeneko harreman horri esker, Nava Jeevan elkarteak igortzen duen dirua tratamendu medikoak ordaintzera eta eskola aurrera eramaten laguntzera zuzentzen da zuzenean, bitartekotzarik gabe.